1. DESEROSKI BIDAIAK
- manuzubi
- Dec 8, 2024
- 8 min read
Danimarkan bizi den lagun gabondar batek oso ondo ordainduko zidan lan bat eskaini zidan. Esan zidan Afrikara itsasontziz bidaltzen diren edukiontzien negozioan aritzen zela. Berarekin fidatu nintzen, baina konturatu nintzen gauza asko gerta zitezkeela bidaian zehar. Hala ere, aukera ona zen sektorean sartzeko eta dirua irabazteko, eta ez nuen aukera galdu nahi. Sei hilabetez lan egin eta Donostiara itzuliko nintzake. Baina nire familia berriaren iritzia jakin nahi nuen eta zer egin nahi nuen kontatu nien. Nire laguna fidatzekoa ote zen galdetu zidaten lehenengo. Baietz esan nien, ez kezkatzeagatik, ez bainuen gehiegi ezagutzen. Ez zuten argi izan, baina nire erabakia errespetatu egin zutennere aldetik ondo hausnartutako erabakia zelako. Behin eta berriz galdetzen nion neure buruari aukera ona ote zen eta atzean utziko nuen familiaz eta haiekin guztiekin izan nuen harremanaz pentsatzen nuen.
Hutsune bat sentitzen nuen barruan. Gauetan, nire gelan, sabaira begiratu eta behin eta berriz galdetzen nion neure buruari erabaki ona ote zen. Nire familiak bazekien joango nintzela, baina ez nien esan nahi izan muga zeharkatuko nuen egun zehatza, ez bainituen kezkatu nahi. Baina lasaitzen ninduen aldi baterako egonaldia zela jakiteak, argi bainuen Danimarkan sei hilabetez lan egin ondoren itzuli nahi nuela.
- Baina, non arraio zaude? Frantzian? - onartu behar dut albisteak ustekabean harrapatu ninduela. Izan ere, aspalditik ezagutzen nuen bere asmoa, baina ahots-mezu moduan iragarri zuen, eta gainera aurreikusitako eguna baino lehenago. Egia esan, ez nuen espero eta gogoan dut nahikoa haserretu nintzela.
- Eta nola zeharkatu dezu muga?
- Kotxean pasa naiz lagun batekin
Irunen gazte bat ezagutu zuela kontatu zidan, Frantziara furgonetarekin ia egunero igarotzen zena. Egun batean, barre artean, berarekin joan nahi zuen galdetu omen zion. Blanchardek ez zuen gehiegi pentsatu eta, handik bi egunera, bere autoan zegoen, gauez prestatu zuen maleta txiki batekin, etxean inork jakin gabe. Frantziarako bidea hartu zuten. Blanchard urduri zegoen. Duela urtebete baino gehiago ere saiatu zen, arrakastarik gabe, muga hori bera zeharkatzen, Parisera joan eta pasaportea txukuntzeko. Bere lagunak ordea, oso lasai zirudien, bere lanaz eta bizitzari buruz berriketan. Blanchard berriz, ia erantzuten ez zuen bitartean, nerbioek harrapatuta zegoen. Mugara iristean, gidaria konturatu zen jendarmeak ezkerreko erreia zaintzen ari zirela, eta, beraz, eskuinekoa hartzea erabaki zuen. Arazorik gabe igaro ziren eta, bat-batean, Frantzian zeuden.
- Badakizu ez dudala negar egiten, baina muga zeharkatzean barrutik negar egin nuen. Nire familia berria eta azken bi urte hauetako oroitzapen guztiak atzean utzi zituela sentitu nuen -
esan zuen ahots tristez.
- Nik ez dut negarrik egin, ez barrutik, ez kanpotik. Orain sentitzen dudan gauza bakarra kezka da. Eta orain zer? Zer egingo duzu? - galdetu nion haserre
- Bai, Biarritzen nago, baina ezin dut hemen trena hartu. Polizia geltokian dago ni bezalako migratzaileak harrapatzeko.

Bazekien zerbait gure mutilak. Frantzian, 2015etik aurrera, eta aldizka, mugako komunikazio-sareetan kontrolak ezartzen dira, mehatxu terrorista aitzakiatzat hartuta. Hala ere, badirudi mugaz gaindiko migrazio-mugimenduen kontrola dela, ofizialki onartzen ez bada ere. Mugetako polizia frantsesak (PAF), "Compagnie Républicaine de Sécutité (CDS) edo" gendarmerieko "kideek parte hartzen dute dispositiboetan. Tira, polizi talde bat bera ere ez da falta. Autobideetako bidesariak, errepideko muga-pasabideak eta, bereziki, tren eta autobus-geltokiak kontrolatzen dituzte. Hendaiako, Baionako edo Biarritzeko geltokira iristen zen Blanchard bezalako tipo bat jomuga ezin hobea zen mugatik gertu dauden puntu estrategikoak kontrolatzen dituzten polizientzat.
- Eta nora arraio joan behar duzu? - galdetu nion haserre eta oso kontziente izan gabe, aita babeslearen papera hartuz.
- Bordelera joango naiz. Badakit nola joan. Han tren bat hartuko dut Pariseraino -erantzun zuen bere ohiko segurtasunaz, ni lasaitzearren seguruenik.
Kasualitatez, hilabete batzuk lehenago bisitatu nuen Bordele familiarekin, eta, hiri bikaina dela egiaztatzeaz gain, atentzioa eman zidan bertako biztanleriaren kultura-aniztasunak eta aniztasun etnikoak. Pentsatu nuen Blanchardek abiapuntu ona izan zezakeela Parisera trenez joateko, arreta gehiegi erakarri gabe. Eta jendarmeek galdekatzen bazuten, ba pasaportea erakutsi eta... pasaportea... pasaportea!?
- Eta zer egin duzu pasaportearekin? -idatzi nion, berandu iritsi zen erantzunaren zain.
Zer egin ote zuen gizon horrek pasaportearekin? Pentsatu nahi nuen ez zela bere motxilan sartuta eramateko bezain traketsa izango. Poliziak geldiarazten bazuen eta dokumentazioa egiaztatzen bazuen, bere sorterrira deportatuko zuten. Beraz, dena pikutara joango zen. Pasaporterik gabe abiatu bazan berriz, Donostian bi urtez aldi baterako bizi izana justifika zezakeen, eta Frantziako poliziak, ziurrenik, Espainiako mugan jarriko luke, edo ez, zeinek daki. Nik ez behintzat.
- Lasai. Pasaportea ondo gordeta dago, baina nik ez daukat. -erantzun zuen ironiaz, eta hain gustuko zuen misterio-kutsu hori sortuaz. Bazekien pasaportea gainean ez eramatea zela aukerarik onena bere herrira itzul ez zezaten.
Muga igaro ondoren, nere lagunak Biarritzeraino eraman ninduen. Parisera nola joango nintzen galdetu zidan. Biarritzen autobusa edo trena hartzea arriskutsua zela esan zidan, mugatik gertuegi zegoen hiria zelako eta geltokiak zainduta egongo zirelako. Plan zehatzik ez nuela erantzun nion, eta ixilune baten ondoren agian lagunduko zidala esan zidan. Bidean, bere laguna zirudien pertsona batekin hitz egin zuen telefonoz, eta deia amaitzean, Bordelera joateko furgoneta lortu zitela esan zidan.
Oraingoan zorteak irribarre egiten zidala iruditu zitzaiten. Autobideko bidaia lasai baten ondoren, lagunaren lagunak Bordeleko tren geltokian utzi ninduen 19:00ak aldera. Eskerrak eman nizkion egin zidan mesedeagatik, eta agur esan genion elkarri. Geltokira iritxita aurreko trena 30 minutu lehenago joan zela egiaztatu nuen eta hurrengoa goizeko 4: 00etan zela ikusi nuen estazioko panel haundi hartan. Ez zitzaidan gustatu geltokian zegoen giroa, eta, gainera, poliziaren beldur nintzen. Horregatik, Pariserako txartela makinan hartu ondoren, inguruko parke baten barrena paseatzea erabaki nuen. denbora egiteko asmoz.
Nere maleta eskuan nuela eta parkean zehar oinez nenbilela, gizon pentsakor bat ikusi nuen banku batean eserita. Haren paretik igarotzean, agurtu egin ninduen eta han egiten nuenaz galdetu zidan. Egoera azaldu nion, txoko baten bila nenbilela esan nion, lauretan Parisera zihoan trenaren zain egoteko. Berarekin esertzera gonbidatu ninduen. Garagardo batzuen bila joan zen eta lagunkoi aritu ginen solasean. Kongoar bat zen, Bordelen lan egiten zuen eta bakarrik zegoen. Uste dut, nik bezala, eskerrak eman zizkiola konpainiari eta elkarrizketari. Nire bidaiaren arrazoia azaldu, eta harrituta geratu zen, eta horrelako zerbait egiteko adore handia nuela esan zidan. Esan nion nire intuizioak bultzatzen ninduela bidaia hau egitera eta nire patua jarraitu besterik ez nuela egiten. Ez zuen ulertzen zergatik joan nahi nuen Danimarkara Donostian nire egoera ona bazen.
Berak berriz, bere bizitza kontatu zidan. Duela urte batzuk etorri omen zen Frantziara eta, lan finkorik ez bazuen ere, dirua aurrezteko eta bere herrira itzuli eta ezkontzeko lan egiten zuen. Lotsa ematen zion bere herrira itzultzeak, izan ere, 40 urte zituen eta, Kongon bere adineko jendea dagoeneko ezkonduta dago eta seme-alabak ditu. Malko artean kontatzen zuen Frantzian ez zuela bere bizitzarako irtenbiderik aurkitu, eta damututa zegoela Frantziara etorri izanaz. Aurrez-aurre eskatu zidan Espainiara itzulitzen banintzan beretaz akordatzeko eta Espainiaraino lagun niezaiola.
Solasean jarraitu genuen eta bat-batean konturatu nintzen 3: 30ak zirela. Elkarrizketa hain interesgarria izan zen, irteera ordua ere ahaztu egin nuela. Geltokiraino lagundu zidan eta trenera igo nintzen nere lagun berri hura agurtu ondoren.
Blanchardek kreditu-txartel bat zeukan. Urtebete baino gehiago zen ireki genuela. Nire senide eta lagunengandik biltzen nuen dirua modu eroso batean bideratzeko interesgarria zela iruditu zitzaidan genuela. Bien izenean nengoen, eta horrek aukera ematen zidan kontuak kudeatzeko, berak dirua atera edo txartelarekin ordaintzeko aukera zuen bitartean. Mugaren alde honetan pasaportea utzi zuen arren, ez zuen ahaztu denbora pasa ahala estualdi batetik baino gehiagotik aterako zuen txartel txiki distiratsu hura. Izan ere, adibidez, Pariserako bidaia ordaintzeko kreditu-txartela izan zan aukera bakarra, beldur baitzen leihatilara hurbildu eta dokumentazioa eskatuko ote zioten.
Ez dut gogoratzen zer ordutan iritsi nintzen Parisera, baina 13:00ak aldera zen. Hiri honetan bizitakoen oroitzapenak ez ziren onak, eta lehenbailehen irten nahi izan nuen handik. Trenetik jaitsi nintzen, baina geltokiz aldatu eta Gare du Nordera joan behar nuen. Polizia asko ikusi nuen Bordelen, eta pentsatzen nuen egoera zailagoa izango zela Parisen, eta horrek kezkatzen ninduen. Bihotza oso azkar astintzen zitzaidan immigrazioko poliziak atxilotu nintzakeela pentsatzean.

Geltokira iritsi nintzenean, ezkerreko lehen atetik sartu eta kafe batean eseri nintzen egoera aztertzeko. Berehala ohartu nintzen polizia asko zegoela geltokia zaintzen, txakurren laguntzaz. Gainera, bidai-hartzeko jendearen mugimenduak aztertzen aritu nintzen. Batzuk leihatiletara hurbiltzen ziren, baina poliziak gehiago zaintzen zituela iruditu zitzaidan. Beste batzuk, ordea, makinetara joaten ziren eta aukera onena iruditu zitzaidan. Makinetako batera hurbildu nintzen telefonoz ari nintzela simulatuz, baina ez nekien nola zebilen. Geltokian lan egiten zuen neska bati laguntza eskatu nion eta txartela Bruselaraino ateratzen lagundu zidan. Normaltasun itxura eginez itzuli nintzen kafetegira, trena geltokitik ateratzeko falta zen ordu erdia zain egoteko.
Kafe bat hartzen ari nintzela, gazte beltz bat hurbildu zitzaidan, drogarik saltzen ote zuen galdezka. Begiratu nion, baina ez nion erantzun. Baina jiratu zenean, polizia zela konturatu nintzen, atzeko poltsikoan eskuburdinak zituelako. Lasai egon nintzen eta trena heldu zenean bagoira igo eta nire eserlekuan eseri nintzen nire helburua lortu nuela ziurtatzeko.

Ordu batzuk trenez eman ondoren, Bruselara iritsi ginen, eta geltokian leihatilara joan nintzen Amsterdamerako txartela hartzera, egoera lasaiagoa zelako. Denbora nuen eta Bruselatik buelta bat ematera joan nintzen. Paseoaren ondoren, beste tren batera igo eta Amsterdamera iritsi nintzen 7: 00ak aldera, eta geltokitik atera nintzen atseden hartzeko leku baten bila, eta oraingoan zorteak irribarre egin zidan. Nire egoera azaldu nion kalean aurkitu nuen gazte bati, eta adeitasunez bere etxera eraman ninduen. Han bi egun eman nituen hiria ezagutzeko eta nire egoera korapilatsua pixka bat ahazteko. Berriro geltokira itzuli nintzen Groningenerantz joateko, baina 30 minutu geroago nasa aurkitu nuen, geltokia izugarria zelako. Trena galdu nuen, baina laster beste bat iritsi zen norabide berean. Esseneraino, Alemaniara, iristen zen tren bat zen.
- Essen? Baina Europa osoa zeharkatu nahi duzu? Holandako iparraldera joan zara eta orain Alemaniako hegoaldean dagoen Essenera zoaz? -galdetu nion Holanda, Alemania eta Danimarkako lurraldeak hartzen zituen mapa baten aurrean.
- Ez motel, -esan zidan Europa bizitza betidanik ezagutzen duenaren konbentzimenduz-, Hanburgoraino errepidea dago, baina trenez joan nahi baduzu, hori da bidea. Gainera, trena autobusa baino seguruagoa dela egiaztatu dut.

Ez nuen gehiegi ulertzen zer gertatzen ari zen. Baina pentsatu nuen, Europaren zati bat duela urte batzuk egin nituen bidaiengatik ezagutzen nuen arren, inoiz ez nuela dokumentaziorik gabe bidaiatu eta, ziurrenik, horrek gauzak dezente aldatzen zituela.
Essenerako bidean pentsatu nuen agian nire erabakia ez zela ona izan, Donostiara itzultzea ere pentsatu nuen, baina urrunegi nengoen eta aurrera egin behar nuen. Holanda eta Alemania arteko mugan, trenetik jaitsarazi gintuzten hurrengo geltokira eramango gintuen autobus bat hartzeko. Immigrazio polizia han zegoen. Marokoar batzuk atxilotu zituzten. Ni Nkunu Amsuren liburu batekin eseri nintzen normaltasun itxura eginez, baina benetan beldur nintzen. Zorionez, poliziak ez zidan erreparatu eta autobus txikia batean sartu nintzen. Zazpi ordu itxaron behar izan nuen Danimarkako mugaraino eramango ninduen trena iritsi arte, Hanburgotik pasa ondoren.

Alemania eta Danimarkaren arteko muga oso zainduta zegoen. Hamar polizia inguru zeuden bidaiari guztiak identifikazioa eskatzen. Geltokitik irten eta hamar ordu baino gehiago eman nituen inguruko lorategi batean, zer egin nezakeen pentsatzen. Bat-batean neska ukrainar bat aurkitu nuen. Bere begiek Loiolako ostatuko lagunen begiak gogorazi zidaten, belar asko erretzen baitzuten. Nire egoeraz galdetu zidan eta nora nindoan jakin nahi nuen. Esan nion Danimarkara pasatu nahi nuela, baina ez nuela paperik. Berak ere paperik ez zitueka esan zidan eta bere autoan lo egiten zuela kontatu zidan. Orduan proposamen bat egin zidan: 30 euro ematen banizkion, Danimarkara eramango ninduen polizia saihestuz. Galdera batzuk egin ondoren, pentsatu nuen ez neukala aukera handirik, eta eskaintza onartu nuen. Baina konturatu nintzen ez nuela dirurik eskutan, eta orduan proposatu nion supermerkatu batera joan eta janaria erosiko niola txartelarekin 30 euroren trukean. Baldintza zen mugaren beste aldean uztea, Kiskelunden. Bere autoan sartu nintzen eta 20 minutuko bidea egin ondoren erosketak egin genituen supermerkatu batean. Tren geltokira eraman ninduen eta beste tren bat hartu nuen Kopenhagerako bidean. Nire lagunari deitu nion eta geltokira iristsi eta gero bere etxera eraman ninduen. Azkenean iritsi nintzen helmugara.
Demagun Kopenhagera joan nahi dudala asteburuan. Froga gisa, hegaldiak begiratzen hasi naiz eta Lufthansaren hegaldi bat daukadala ikusi det: 7:35ean Bilbotik abiatuz Kopenhagera 12:05ean iritsiko nintzateke, Municheko aireportuan geldialdi labur bat egin ondoren. Ikusten duzunez, kafesne bat gosaldu dezaket Loiun kruasan gozo batekin eta Kopenhagen aperitibo eder batez gozatuko nuke, nahiz eta, seguruenik, oliba beltzik ez dituzten izango.
Pasaportea? Ez dut pasaporterik behar. Europako Erkidegoko kide peto-petoa naiz. Gure laguna berriz ez zuen paperik. Hainbat tren eta autobus geltoki zeharkatu zituen polizia-kontrolak saihestuz, eta txartelak makinetan ateratzen zituen leihatiletara ez hurbiltzeko, susmorik ez sortzeko asmoarekin. Gauak geltokietan edo trenetan ematen zituen, eta behin baino gehiagotan, poliziak geldialdiren batean kontrolak ikusten zituenean, kilometroa batzuk oinez ere egin behar izan zituen.
Abuztuaren 22an atera zen etxetik, maleta txiki bat zeramala, eta abuztuaren 27an iritsi zen helmugara. Dirudienez, gure lagunak ez zuen bidaia-agentzia oso egokia aukeratu, 5 egun behar izan baitzituen gutako edozeinentzat bost ordu iraungo lukeen bidaia batean, Alemanian eskala eroso bat barne.
(2022ko abuztua)




Comments