2. ESKANDINAVIAKO TRIANGELUA
- manuzubi
- Dec 8, 2024
- 4 min read
Danimarkara iritsi ondoren dena ondo zihoan, gela bat nuen lagunaren etxean, lana ona zen eta hirira egokitzen ari nintzen, Kristina izeneko auzoan. Hiria gustatu zitzaidan, eta lanarekin benetan konprometituta sentitzen nintzen. Itsasoratuko ziren edukiontzietan sartzen ziren materialak erregistratzeaz arduratzen zen. Ondo sentitzen nintzen nire lanean, etapa berri bat izan nezakeelako nire bizitzan.
Pozik ikusten nuen bidaltzen zituen mezu eta bideoetan. Umore onean zegoela zirudien, hitz egiteko gogoz. Batzuetan, Blanchardek adierazten zidan zeinen faltan sumatzen gintuen eta zer gogoratzen zuen Donostiaz, eta behin eta berriz errepikatzen zidan sei edo zazpi hilabeteren buruan itzuliko zela. Sarritan bidaltzen zizkidan gure artean igarotako denboran ateratako argazkiak: momentuak etxean, paseoak mendian, eta familia arteko bazkari eta ospakizunetan ateratakoak. Testuingururik gabe bidaltzen zizkidan, baina iruditzen zait irudi bakoitza, berarentzat aldi baterako etxea izan zenaren leihotxo bat zela. Argi zirudien Donostiaren falta sumatzen zuela, ez bakarrik leku bezala, baizik eta bere bidaian zehar izan zituen atsekabeen ondorengo lasaitasun etapa bat bezala. Puntu nostalgiko bat zegoen bere hitzegiteko eran, gurekin lotura mantentzeko ahaleginetan bezela somatzen nuen.

Kopenhage bera bezalako pertsonak, migratzaileak, oso errespetatuak ziren hiria zela esaten zidan. Harrituta nengoen hori esateaz, beti entzun bainuen Eskandinaviako herrialdeak hotzak zirela, ez bakarrik klimari dagokionez, baita atzerritarrekiko harremanei dagokienez ere. Baina bazirudien zerbait desberdina aurkitzen zuela Kopenhagen, batez ere munduko herrialde eta kultura guztietako jendea nahasten zen auzoetan. Inoiz ez zuen Nørrebro edo Vesterbrori buruz entzun, baina, bere ustez, aniztasuna zen nagusi inguru haietan.
- Egunon, zer moduz? - idatzi zidan mezu batean.
- Bai, astelehena da, ez dakit gogoratzen zaren. Zer moduz zu? -erantzun nion ohi dudan adeitasunez.
- Ondo, ni ere lanera noa.
- Pozten naiz zuk ere lan egiten duzulako. Zer iruditzen zaizu Copenhage?
- Uste nuena ez bezalako hiria da, oso berdea da, eta badirudi jendea bere erritmoan doala, denbora motelago igaroko balitz bezala.
Benetan alaia zirudien, edozein turistak egingo zituen argazkiak bidaliz: jauregiak, eskulturak, lorategiak eta iturri ederrak. Laneko kontuetan berriz, harritu egin ninduen, lehenengo egunetik, bere nagusiak Suediako hainbat lekutara eraman izanak lankide izango zituenak aurkezteko. Nik Astigarragari buruz hitz egingo nukeen erraztasun berarekin hitz egiten zuen Malmöz edo Osloz. Inoiz entzuna nuen Malmö eta Danimarkaren arteko zubi famatuaz, baina ni bezalako Hernaniko tipo batentzat ulertzen zaila zen muga horien artean nere laguna horrelako erraztasunez mugitzea .

Naturaltasun osoz hitz egiten zidan Danimarkako eta Suediako hiriei buruz, elkarrengandik oso hurbil baleude bezela eta espazio txiki beraren parte. Izan ere, mapa berrikustean ikusi nuen, zentzu batean, hala zela. Baina zaila egiten zitzaidan nire laguna ibilbide horiek egiten imajinatzea, beste herrialde baterako zubiak gurutzatzen, inungo arazorik gabe. Jakina, hau guztia nire paranoiak ziren, Danimarka edo Suedia benetan nolakoak diren ideiarik ere ez duen norbaiten paranoiak. Azkenean, egoera aztertzeko Blanchardek kontatzen zizkidan gauzetan oinarritzen nintzen, eta gainerakoa neure segurtasunik ezaz betetzen nuen. Agian hango gauzak askoz sinpleagoak ziren, baina benetan zer gertatzen zen ez nekienez eta nire buruak edalontzia erdi hutsik ikusten hasi zen.
Blanchardek Osloko Errege Jauregiko argazkiak eta bideoak bidali zizkidan. Lorategiek postal batetik ateratakoak ziruditela kontatzen zidan, loreak erregela bar erabiliaz eskuz jarri balituzte bezala eta iturri ederrak. Jauregiaren fatxada zuriak atentzioa ematen zion, ia irreala zen zeru garbiaren kontra nabarmenduz. Bideoan uraren soinu leuna eta turisten murmurioa entzuten ziren, eta barre artean esaten zidan, guzti hura ikustean, txikitan kontatzen zizkioten errege eta gazteluen ipuin horietako batean zegoela zirudiela.
Egun batean, kudeatzen zituen edukiontzietako materialaz galdetu nion, jakin-mina sortzen zidan zerbait zelako. Esaten zidan edukiontzi horietan altzariak, arropa eta material informatikoa kargatzen zituztela Gabonera bidaltzeko. Baina lan egiten zuen lekuaren argazki bat bidali zidanean, nire lagunak informatika materialtzat jotzen zuena txatar-mendi bat zela ikusi nuen: kableak, monitorea zaharkituak eta beste zenbait gailu Europan jada baliorik ez zutenak eta birziklatzeko lan ederra suposatzen zutenak. Nire buruari galdetu nion ea berak ba ote zekien benetan zer bidaltzen ari ziren, edo ez ote zuen jakin nahi, bizitza alda ziezaiokeen aukera bat ikusten bai zuen guzti hartan.
Afrikarako edukiontzien negozioa Europatik, Estatu Batuetatik edo beste eskualde batzuetatik Afrikako herrialdeetara erabilitako ondasunak (hondakinak gehienetan) bidaltzearekin lotuta egon ohi da. Bigarren eskuko arropa da edukiontzi horietan bidaltzen den produktu nagusietako bat. Europan egindako dohaintzak edo bilketak Afrikan saltzen dira prezio baxuetan, eta horrek merkatu aktibo bat sortu du. Dohaintza horiek asmo onak izan ditzaketen arren, nolabaiteko eztabaida ere sortu dute. Kasu batzuetan, arropa kalitate txarrekoa da, edo hain hondatuta dagoenez, ez da egokia birsaltzeko edo erabiltzeko. Baina, gainera, arropa guztiek ez dute eroslerik aurkitzen. Saldu ezin dena zabortegietan metatu ohi da, baita leku informalagoetan ere, hala nola ibaietan, hondartzetan edo lur apaletan. Kasu batzuetan, Ghanan esaterako, hondartzetan amaitzen diren ehun-hondakinen arropa-mendiak sortzen dituzte benetako "uharteak" eraikiz. Ehun-hondakin mota hori ingurumen-arazo bihurtzen da, arropa horietako gehienak zuntz sintetikoz eginak baitira, eta ez dira erraz degradatzen.

Material informatikoa (ordenagailuak, monitoreak, plaka nagusiak, kableak) berriro egokitzeko edo erabiltzeko bidaltzen da. Hala ere, bidaltzen denaren zati handi bat zaharkitua edo egoera txarrean dago. Produktu horiek birziklatzeko zailak dira, eta herrialde garatuetan behar bezala desagertarazteko garestiak. Horren ordez, edukiontzietan sartzen dira eta itsasontziak Afrikako herrialdeetara joaten dira, bertan ingurumen-araudiak ez baitira hain zorrotzak. Afrikan, "txatarra" horren zati handi bat informalki birziklatzen da, langileentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren aztarna-metodoekin (kableak erretzea, material toxikoekiko esposizioa, beruna edo merkurioa kasu).
Garraiatzen zituzten edukiontziak txatarra informatikoz beteta zeudela konturatu nintzenean, kezka nagusitzen joan zen nire baitan. Ezin nuen burutik kendu zama mota horrek ez ziola nire lagunari ez egonkortasunik ez etorkizunik ematen, eta Danimarkara joatea erabaki izana, horrek zekartzan arrisku guztiekin, aukera okerra izan zitekeela. Ez dakit intuizioa edo beldurra izan zen, baina eszenatoki ilunago bat bistaratzen hasi nintzen: Europako iparraldeko herrialde batean atxilotu zezaketela beldurtzen hasia nintzen, hain urrun eta hain lege zorrotzak zituen leku batean. Pentsamendu hori pisatzen hasi zitzaidan, eta ezin nion utzi etorkizunari buruzko galderak egiteari. Zer ondorio izango zuen atxiloketa batek gure lagunarentzat? Nola eragingo lioke horrelako zerbaitek inork lagunduko ez liokeen leku batean?
Une horietan, azken bi urte hauetako esfortzu guztia zorigaiztoko edozein egoerarengatik edo gidoian espero ez zen bira batengatik pikutara joan zitekeela sentitzen zuen. Dena balantzaka ikusten nuen, eta egindako lan guztia, halabeharrez, bere kabuz eror zitekeen. Bai, badakit, ezkor xamarra naiz bat naiz.
(2022ko Iraila)




Comments